Ostiral honetan hasiko da tabernetan eta saltokietan euskara bultzatzeko “Eskatu Euskaraz eta Saria Irabazi” kanpaina

13 Maiatza 2019

Udalak “Euskaraz bizi nahi dut eguna” ekimena antolatu du beste urte batez, datorren ostiralean, maiatzaren 17an, euskarari beste bultzada bat emateko. Jardunaldi horretarako, arratsaldean hasiko diren zenbait jarduera programatu dira.

Programazioa, txikienei zuzendutako jarduerekin hasiko da. 16:45ean, Aspaltza elkartea Felix Pikazako egurrezko jolasetan elkartuko da, eta 17:00etatik aurrera errugbia eta zunba egongo dira. Horrez gain, 18:30etik aurrera altxorra bilatzeko jolasa egingo da, eta amaitu ostean, txokolate jana denontzat.

Jardunaldiko musika ukitua trikitixa eskolak, Aiara dantza taldeak eta Viñaspre eta Asier Rubio bertsolariek jarriko dute, 19:00etatik aurrera antolatutako kalejiran. Bukatzeko, 21:00etan Kantu kalejira hasiko da Amurrioko kaleetatik, Ugarte Otxotearekin eta Nafarroa Kanta Taldearekin.

“Eskatu euskaraz eta saria irabazi”

Ostiral honetan “Eskatu euskaraz eta saria irabazi” kanpaina abiatuko da Amurrion. Helburua, Amurrioko saltokietan eta tabernetan euskararen erabilera sustatzea da. 28 partaide dituen ekimenak, 2.760 boletoen artean banatuta egongo diren 100 sari baino gehiago emango ditu. Parte hartzea oso erraza da, boletoak, kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan euskara erabiltzen duten bezeroen artean banatuko dira.

Boleto batzuek sari zuzenak izango dituzte, beherapenak edo opariak, baina saririk ez dutenek zozketa batean parte hartu ahal izango dute. Zozketaren saria, Areatzako hotel-bainuetxean egonaldia izango da. Kanpaina ekainaren 9an amaituko da, eta hilabete bereko 11n egingo da zozketa.

Parte hartuko duten establezimenduak hauek dira: Selene fruta-denda, Elexondo taberna, Aranoa zapata-denda, Arregi argazkilariak, Arkune taberna, Burutxaga harategia (Mendiko kalea), Burutxaga harategia (San Anton plaza), Degusta kafetegia, El Rinconcito taberna, Batzoki Berria, Toki Eder taberna, Luyando optika, Josu Optika, Marta gozotegia,  SAU sariak, Txoko Gorri taberna, Txotis taberna, Albizabal taberna, Azules moda, Lilura moda, Gancedo moda, Goxoa okindegia, Lur belar-denda, Bi Oin podologoak, Autsiki albaitariak,  Basualdo kirolak, Adi inprenta  eta Amurrioko Udala.