IZOTZ-PISTA SINTETIKOA DA GABONETAKO JARDUEREN EGITARAUKO BERRITASUNA

19 Abendua 2014

Amurriok Gabonetako jardueren egitarau zabala eta askotarikoa izango du abenduan. Izotzean doan patinatzea da abenduko agendaren bigarren hamabostaldiko berritasunetako bat. Juan Urrutia plaza izotz-pista bihurtuko da (udal-karpak estalita) abenduaren 26tik 30era bitartean, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. 10x20 metro izango ditu, hau da, 200 metro koadroko azalera, eta gehienez, hogeita hamabost pertsona sartu ahal izango dira, adina edozein dela ere. Izotz sintetikoarekin eginiko pista ekologikoa da, ingurumena errespetatzen du eta ez du energia-gasturik. Ez da itsasten, berdin irristatzen da eta benetako izotzaren baldintza berdinak ditu; gainera, haurrek ez dute arropa bustiko. Amurrioko Gabonetako agenda hitzorduez josita dago, eta horien artean, honako hauek daude: ipuin-kontaketak, kontzertuak, saski-baloia, dantza, krosa, eta ongintzako dantza-gala.

 

Roller Gabonetako Jaia

Roller Gabonetako Jaia abenduaren 26tik 28ra bitartean egingo da. Zenbait ekitaldi antolatuko dira, eta horien artean, Ainhoa Galdeanoren erakustaldia nabarmendu behar da, master 40 kategoriako gurpilen gaineko patinaje artistikoko txapelduna baita. Abenduaren 31n, Mexikoko selekzioaren bi pilota-partidu egingo dira frontoian, 16:30ean. Mexikarrak egungo munduko txapeldunak dira, eta Amurrioko Nagore Martín eta Laura Sáezekin lehiatuko dira senior palan. Beste partidu batean, Mexikoko kirolariak eta Amurrioko Aitzol Pérez arituko dira, eliteko bikotekako esku-pilotan.