Amurrioko Udalak hasiera eman dio ordainketa zatikatu sistema aukeratzeko eskarien kudeaketari

21 Ekaina 2019

Amurrioko Udala, tributuen ordainketa zatikatua aukeratzeko herritarren eskariak kudeatzen hasi da. Eskariak datorren urteko urtarrilaren 1etik aurrera izango dira erabilgarriak.

Sistema horrek ordainagirien ordainketa hainbanatua egiteko aukera ematen du, banku helbideratze bitartez. Sistema horretan sartu daitezkeen tributuak hauek dira: Hiri eta  landa izaerako eta ezaugarri bereziko Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ-IBI); Jarduera ekonomikoen gaineko zerga (JEG-IAE); Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga (TMIZ-IVTM); Finka barruetara ibilgailuak sartzeko tasak eta aparkalekuen erreserbak; Udal hilerriaren mantentze lanengatiko tasa; Hiriko hondakin solidoen (zaborrak) kudeaketarengatiko tasa; Belardien erabilerarengatiko tasa; Udal landa higiezinen luberriketarengatiko tasa; eta Mahaiak eta aulkiak instalatzeagatiko tasa.

Ordainketa sistema hori, tributu betebeharren titular gisa agertzen diren subjektu guztiek aukeratu ahal izango dute, eskariaren egunean kobratu gabeko zorra duten pertsonek izan ezik, zor horren atzerapena aitortuta ez badago.

Interesatuta dauden pertsona guztiek, Udaletxeko beheko solairuan dagoen Herritarren Arretarako Zerbitzuan, ohiko postaz (Juan Urrutia z/g), amurrio@amurrio.org helbide elektronikoaren bitartez edo 945891645 fax zenbakiaren bidez egin ahal izango dute eskaria. Beharrezkoa izango da udaleko webgunean eskuragarri dagoen eskariaren inprimakia aurkeztea. Bertan, ordainketa egiten duen pertsonaren datuak, ordainketa zatikatu sisteman jaso beharreko tributuen zerrenda, banku helbideratzearen datuak eta ordainketa zenbat kuotatan eskatzen den adierazi beharko da.

Joan den martxoko osokoan onetsi zen neurri horren helburua, udalerriko biztanleei tributuen ordainketa erraztea da. 9 kuotara arte zatitu ahal izango dira, hau da, otsailetik azarora. Beste aukera batzuk ere aurreikusten dira: 4 kuotatan hainbanatu daitezke, otsaila, maiatza, iraila eta azaroa; 3 kuotatan, otsaila, ekaina eta azaroa; edo 2 kuota, maiatza eta azaroa, baldin eta  kuota bakoitzaren zenbatekoa 10 eurotik beherakoa ez bada.

 Eskaria.docx