Lekamaña

1986ko erroldaren arabera, 34 biztanle ditu herrixka honek. Garate behealdean dago kokatua eta tontorrean 600 metro baino gehiagoko altuera du. Saratxotik igarotzean Ibaizabaletik hurbil dago, Urduñatik Lezamarako bide zaharrean.

San Miguel parrokiak betidanik baliabide gutxi izan zituen, ozta-ozta urte erdian Sakramentuko lanpara mantentzeko adinakoak. Hori zela eta, 1717ko artzain-bisitan prelatuak barkamenak eman zizkien eliztarrei, hamarrenak eta lehentasunak ezinbestean ordaintzeaz gain, elizaren argiak mantentzen laguntzeko. Beraz, ohikoak izan ziren auzokideen arteko derrama eta banaketak parrokiaren beharrizanei aurre egiteko.

Lekamañak ez zuen auzokide asko; 1556an hamar auzokide eta parrokiako zerbitzuan apaiz bat bizi ziren herrixkan. Elizaren patroi Atanasio de Aiara jaunak hogeita hamabost fanega gari ordaintzen zion urtean apaiz hari. XVIII. mende bukaera arte eginiko zentsuan eta banaketetan auzokide-kopuru berdina agertzen da; 1786an 60 biztanle zituen, denak nekazariak, eta XIX. mendean eta XX.aren hasieran ere, kopuru hori ia-ia ez da aldatzen.

XX. mendearen hirugarren hamarkadan, Lekamañako parrokiaren eta herri osoaren egoerak aldatu ziren. Bertako baserri batean jaioa zen Claudia de Mendívil andereak, Francisco de Arana jaunaren alargunak, 1920ko hamarkadan eliz berria, landetxea, hilerria, eskola, ikuztegia eta iturri publikoak eraiki zituen, eta baita linea elektrikoa Lekamañara eraman ere. Aipatu ongile andereak obrak mantentzeko eman zuen fundazioaren kontura, zaharberritzen aritu ziren baserri batzuk; bitartean, erretaula berria jarri zen elizan, eliza eraiki berrirako propio eskuratutako irudiak, apaingarriak eta gurtzarako objektuak zituelarik. Claudia de Mendívil anderearen kontura egin zen.

Bitartean, Lekamañako biztanleriak ia-ia ez zuen aldaketarik: 66 biztanle 1930ean, 69 1950ean eta 59 biztanle hamarkada bat geroago. 1970 urtean nabarmen jaitsi zen, 36 biztanlera, hain zuzen, eta 1983an 32 biztanle ziren.

Bitartean, Lekamañako biztanleriak ia-ia ez zuen aldaketarik: 66 biztanle 1930ean, 69 1950ean eta 59 biztanle hamarkada bat geroago. 1970 urtean nabarmen jaitsi zen, 36 biztanlera, hain zuzen, eta 1983an 32 biztanle ziren.