Baranbio

Baranbio herri lineala da, ibai ondoko bide-hegaletan kokatua, hain zuzen, Gasteiztik Bilbora doan mandazainen iraganbidean. Zuiatik Aretaraino Altube ibaia inguratuz jaisten zen bide hori, Ibaizabalen ertzetan. Bide-ibaiaren ardatzaren albo bietan, duen egitura luzanga dela eta, kalez osaturiko herria da Baranbioko gune nagusia. XIX. mende hasieran Miñanok aipatu zuenez, legua bateko luzera eta legua erdiko zabalera du herriaren jurisdikzioak, duela gutxi eraikia zen Errege Bidearen bi alboetan eta Altubeko pasagunea mugatzen duten mendi mazelen artean.

Iraganbide hau hiru dorrek mugatzen zuten: Ziorragakoa sarreran, erdialdean Zubiatekoa eta herriko irteeratik hurbil, Berganzakoa. Lehenengoa Astobizan aipatzen da, aurrean kokaturiko baseliza bertako parrokiari atxikia egoteagatik. Zubiatekoak, Baranbio erdigunean, ibaiaren ezkerraldeko mendi lepoetatik zehar Astobizarantz zihoan Altubeko zubia babesten zuen. Gainera, Baranbiotik igarotzen zen eta agian, horixe izan zen bide-herriaren gune nagusian biltzeko arrazoia. Era berean, izena eman zion Zubiateko dorreari, zubiko atea, jaun-andereen abizenari eta baita armarriari ere. Azken honetan, blasoiek zubi gainean dorre bat irudikatzen dute, dorretxeko fatxadan oraindik ikus daitekeenez. Dorretxea gaur egun oso aldatuta dago, errepideaz bestaldean, Baranbioko elizatik hurbil kokatua.

Bi ur-laster txikiren urak Altuben isurtzen dira aipatu dugun tartean: batetik, recandi deritzon erreka Garrastatxuko mendi magaletatik ibairaino iristen da, hegoaldetik Baranbioko pasagunearen sarreran; bestetik, Lezamatik datorren Berganza erreka, iparraldean, Altube ibaiaren ezkerraldeko ertzean isurtzen da, Baranbioko irteeratik gertu. Leku bietan jaun-dorreak izan ziren eta olategiak ere bai, Ziorraga eta Berganzakoa, aldameneko dorretxeetako jaunenak. Dorretxeak Astobiza eta San Miguelekoak ziren: lehenengoa Astobizako Santa Marina parrokiaren eranskin modukoa zen; bestea, San Miguelekoa, desagerturik dago gaur egun eta Ugartertarren patronatua zen, dorrearen eta Berganzako olaren lehenengo jaunena, alegia. Ondoren, maiorazkoaren lehenengo belaunaldiaren osteko abizenetara pasatu zen jabetza.

Ziorraga eta Berganzako oletako labeetan, Altubeko mendietako egurra erabiltzen zen eta izen bereko ibaiko urak indar eragile legez. Berganzako jaunek, "burdinaren merkataritza bikainari emanak", etxeko aitonen semeak izatearen espedientean irakur daitekeenez , jauregi-dorretik hurbil egoteagatik Jauregikoak deitzen ziren ola horiez gain, bazituzten olak izen orokorreko beste batzuk, maiorazkoari erantsiak.Altube ibaiaren eta ibaiadar txikien urak, XIX. mendearen erdialdean Baranbion zeuden bost irin-errotetan ere erabiltzen ziren. XVIII. mendearen hasieratik agirietan aipatzen da errota horietako batzuk Ziorragako maiorazkoaren jabetza zirela.

Baranbion metalgintza garrantzitsua izan zen XIX. mendearen bukaerara arte. Antzinako olez gain, XIX. mende hasieran, San Anton mendateko mazeletako galena eta blenda meatzeak ustiatzen hasi ziren. Geroago ikusiko dugunez, karlistaldietan ere erabili zituzten eta XX. mende hasieran, bertan behera utzi zituzten betiko...

Baranbiok baso-aberastasun handia zuen, haritzak, eta baita ere, nekazaritzako produktu ugari: garia, oloa, zekalea, artoa, sagar eta gaztainak. Horiekin guztiekin eta arkumeekin ere, XVI. mendetik aurrera, hamarrenak ordaintzen zizkioten Santa Maria elizari. Baina horretaz gain, Arabako biderik erabilienetakoan kokatuta egoteagatik, herriak beste diru-sarrera batzuk jasotzen zituen. Altubeko mailak igaroz Ibaizabalera jaisten ziren bidaiariei hornidura eskaintzea baliabide iturri handia zen Baranbioko auzokideentzat. Benta eta saltoki gehienak Rotabarria auzoan eta inguruko lekuetan zeuden, 1725 urtean idatzi zen bezalaxe, Bilbo hiribilduko oinezkoak Gasteizera joateko igarotzen diren bideetan. Saltoki horietako asko, ogia, ardoa, garagarra, oloa eta bestelakoak bide eta benta horietatik igarotzen direnei saltzea ogibide zuten maizter eta errenteroenak ziren.

Errioxa, Nafarroa eta Gaztelaren eta Bilboko portuaren arteko mandazain-bide honen garrantzia honakoetan zetzan: inguruko olak; ikatza lortzeko eta Bizkaiko untzigintzarako baso-aberastasuna eta azkenik, Arabako gatzagetako produktuak iraganbide horretatik garraiatzeko aukera, kostaldean arrainak gazitzeko.Horiexek izan ziren, Altubetik zehar Gasteiztik Bilborako bidea sustatzeko arrazoiak 1752an, Urduña, Balmaseda edo Angulo Harkaitzetik kostalderantz zihoazen Burgoseko bideak sustatzeko aukera zegoenean. Urduña nagusitu zen eta 1818 urtera arte ez zen Altubeko errege-bidea zabaldu orga eta gurdietarako. eta herrian bertan katea ezarri zen bidesaria kobratzeko, Altuben bata eta Aretan bestea.

Baranbiok garrantzi handia zuen Bizkaiarekin lotzeko Arabako bideetan eta berunaren meatzeei dagokienez ere bai. Horregatik, Baranbio eta inguruneak kokagune estrategikoak izan ziren karlistaldietan. Agiri bidez frogatu da bigarren gerra karlistan, Baranbioko meatzeak ustiatu zituztela karlistek, Altuben bazeudela mendietako egurraz baliatzen ziren fundizioak, eta bala eta kartutxoak egiten zirela inguru haietan. Landa-kanpaina ere bazegoen Baranbion, Simón de Corcuera jaunaren etxe konfiskatuan kokatua. 1874an Lezamako Udalak lau ohe eman zion ospitale horri, jakiak Baranbion pilatuta zeuden soldaduei, eta baita Altubeko meatze eta fundizioei fardeleria eramateko laguntza eskaini ere bai. "Itxaropena" eta "Sanantonsitas" izeneko meatokiak, zalditeria liberaleko komandate Francisco Serrano Garcia jaunari bahituran hartutakoak ziren. Beroriek eta Altubeko galdategiak ustiatzeko lanak burutzen zituzten lan bortxatuak egitera zigortutako presoek.

1556an Baranbioko parrokian bi onuradun aritzen ziren eta hiru baserritako hamarrenak jasotzen zituzten. Gainerako hamarrenak, jasotakoaren erdia eta seiren bat, Aiarako kondearentzat ziren eta beste guztia Amurrio Saerin dorrearen jabe Juan Díaz de Guinea jaunarentzat. Garai hartan errentarik gabeko ospitalea zegoen Baranbion. Patroiek, Aiarako kondeak eta Saeringo patroi Eusebio de Balza jaunak Baranbioko elizaren eraikuntza, obra eta konponketa lanak ordaindu zituzten 1796 urtean, bakoitzak jasotzen zuenaren arabera. 1807an Aiara eta Saeringo etxeetako ondorengoek jarraitzen zuten parrokiaren hamarrenetan parte hartzen, bertako lantegiari urtean 400 erreal emanez. XVIII. urtearen amaieran, Baranbioko elizak oraindik onuradun bi zituen, errenta osokoa bata eta bestea errenta erdikoa. 1850ean, elizgizon bi zituen.

Baranbioko elizarekin eta baselizarekin zerikusia zuten bertakoen artean, aipatu beharrekoa da Hortuño de Ugarte y Martínez de Iturriaga jauna, Flandian Gerra Kontseiluko kidea, estatu horietan armaden ordaintzaile nagusia, Alemanian tropen Gainbegirale nagusia eta San Jakueren Zalduna 1625ean. Beraren aita, Juan Fernandez de Ugarte, moriskoen aurka borrokatu zen Granadan eta handik etortzean, Burgosen hil zen. Biek, aurrekoak eta ondorengoak bezalaxe, Berganzako Jauregia dorrearen jaunak eta dorrearen aurrean kokatutako San Miguel baselizaren patroiak izanik, Baranbioko parrokian honako ohoreak eta lehentasunak izan zituzten: hilobia kapela nagusian, jarleku berezia ebanjelioaren aldean eta lehentasuna bakea eskaini eta hartzeko orduan.

1640an Francisco de Lazcano Ugarte jauna Manilan zegoen. Berak meza-memoria eta dontzeila-hornidura sortua zuen Baranbion 2.737 dukateko dirutzaz, eta Domingo de Lazcano anaia, Ofizio Santuko ahaidea, patroi izendatu zuen.

Garrastatxuko santutegia ia-ia seiehun metroko altuerako mendi lepo batean dago kokatua, Baranbioko erdigunearen hego-ekialdean. Santutegi horretan Ameriketan hil zen Baranbioko Juan de Ugarte jaunaren oroitzapena jaso zen. Berak zilarrezko berrogeita hamar ezkutuko agindua eman zuen, 1704an Santutegiko kontuetan ageri den bezalaxe.

Baranbiok 258 laguneko biztanleria zuen bi auzo nagusietan, Baranbio behekoa Altube ibaiaren ertzetan- eta Altube Goikoa ibaiaren eskuinaldeko mazeletan 1983ko foru erroldaren arabera; 1986ko udal erroldak, ordea, 211 izatezko biztanle zituen.

1556an hirurogeita bost auzokide zituen eta laurogei XVIII. mendearen bukaeran. XIX. mendearen hasierako hamarkadetan, 600 biztanle ziren guztira eta mende horren erdialdean, Baranbiok 500 biztanle eta laurogeita hamar auzokide zituen. XX. mendearen hasieran erroldako lagun kopurua gutxitu egin zen eta 458tik 443ra pasatu zen 1930ean. 1950ean 357ra jaitsi zen biztanleria eta 1970eko erroldan 240 ziren.